Espedizioa

>>> Historiari perspektiba berri bat emanez.

Jatorria: Ezusteko topaketa.

1602. urtean espedizio ingeles bat gaur egun Amerikako Estatu Batuak diren kostaldera iritsi zen Bartholomew Gosnold-en gidaritzapean. Maineko kostaldera iristen zen lehen esploratzaile ingelesa izan zen Gosnold. Bere kronikariek bertako indigenekin izan zuten lehen topaketa deskribatu zuten: Euskal txalupa batetan zihoazen, arropa europarrez jantzita, eta inguru haietan Donibane Lohitzuneko arrantzale batzuk ere ibili zirela aipatu zuten natiboek. Placentiatik zetozela azaldu zioten. Gosnold-ek “Placentia of Newfoundland” buruz ari zirela interpretatu zuen, Terranova hegoaldeko euskal arrantzaleen gune ospetsua. Maineko kostaldetik oso urrun.

Mende batzuk beranduago, Xabier Agote itsas ikerlaria topaketa hura aztertzen hasi zen, xehetasun guztietan erreparatuz. Zalantza handiak ditu natibo amerikar haien jatorria Kanadako Placentia denik, leku hartatik 700
miliatara baitago, txalupa mota horrekin itsasoz iristeko urrunegi. Ikertzen hasten da, eta topaketa hura gertatu zen lekutik oso hurbil inor bizi ez den uharte txiki bat badela jabetzen da, Placentia izenez ezaguna. Bertako historialari eta arkeologoekin iritziak alderatu eta gero, euskal arrantzaleekin lotutako leku hau indiarren bilgune garrantzitsuenetako bat izan izan zenaren susmoa du Agotek. Testuinguru berri honek harrigarria den zerbait argitu lezake: Uharte hori amerikar indioen eta euskal arrantzaleen arteko bizikidetza baten lekukoa izan daiteke.

Misterioa argitzeko asmoz, 2016ko udaran Xabier Agotek diziplina anitzeko espedizio bat gidatu du uhartera, topaketa haren frogak aurkitzea du helburu.